EZAUGARRIAK

Nola Erran hiztegi elebidun aktiboa da

Hiztegi elebidunak egiterakoan garrantzizkoa da nolako erabiltzaileentzat egiten diren jakitea, eta bereziki sarrera hitzetako mintzaira dakiten edo ez. Alabaina, erabiltzaileak sarreretan itzulgai diren hitz eta erran-moldeetako hizkuntza dakienean, aktiboki baliatzen ohi du hiztegi elebiduna, hitz haiek beste hizkuntzan nola erran daitezkeen jakiteko. Alderantziz, erabiltzaile pasiboak sarreretako hitzek edo erran-moldeek zer erran nahi duten jakiteko baliatzen du.

Nola Erran Iparraldeko euskaldunentzat egina baita oroz gainetik, hiztegi aktiboa da, hots haren irakurleak frantsesa jakinki, frantsesezko hitz bat edo erran-molde bat euskaraz, Iparraldeko mintzairari doakion molde batean bereziki, nola erran aurkitzen laguntzeko egina da oroz gainetik.

Horrek erran nahi ote du beste erabiltzailerik ezin balia daitekeela Nola Erranez? Ez, araiz. Adibidez, frantsesa guti dakiten eta beste hizkuntza ingurumen batean bizi diren Hegoaldeko euskaldunak ere probetxurekin baliatzen ahalko dira hartaz, pasiboki erabilirik. Hala uste dugu bederen. Haatik, Nola Erran ez da hauentzat bereziki pentsatua izan, Iparraldeko frantses-euskaldun elebidunentzat baizik.

Nola Erran hiztegi bide erakuslea da

Hiztegietan bi mota bereizten ohi dira: alde batetik, hiztegi deskriptiboak, eta beste aldetik, hiztegi preskriptiboak, guk hemen hiztegi bide-erakusleak deituko ditugunak:

  • Hiztegi deskriptiboak mintzatzean edo idaztean baliatuak diren hitzak biltzen dituzte, haien egokitasunari behatu gabe; adibidez, nork erabili edo erabiltzen dituen, nondik hartuak edo nola moldatuak izan diren.
  • Hiztegi bide-erakusleek, aldiz, gizarteak hiztegi kontuetan dituen eskakizunak eta beharrak kontuan izanik egiten dira. Erakusten dute zein hitz balia daitezkeen, halako adierazkizuna, holako testuinguruan, ara zaindua eta mintzamolde estandarra erabilirik bereziki, adierazteko. Zenbaitetan, jendeek ahoz baliatzen dituzten hitzak baztertzen dituzte holako hiztegiek, berriki mailegatuak edo kalkatuak, eta oraino etxekotugabeak direlako. Beste batzuetan hiztunek guti edo batere erabiltzen ez dituzten hitzak eskaintzen dituzte, xede hizkuntzaren erabileran berrikitan sartu edo agertu kontzeptuen eta gauzen adierazteko adibidez.

Bi ikuspegiak arras desberdinak izanik ere, edozein hiztegik bi ikuspegiak kontuan hartu behar ditu: bai erabilera, eta bai jendarteko erabileretan zuzentasunaren eta jokabide komunen aldetik behar duen egokitasuna. Zein alderdiri zenbat garrantzi ematen dion, horretan ageri da hiztegi bat gehiago mota bateko edo bestekoa den.

Nola Erranek hiztegi bide-erakuslea izan nahi du, hots, euskarak egun duen batasunerako arau sistemaren barnean frantsesetik zerbait itzuli beharra duen erabiltzailea lagundu nahi du Iparraldeko hizkuntza ingurumenean bide egokiaren atzematen. Dakigun bezala, euskararen egungo batasun arauak parterik handienean Euskaltzaindiak finkatuak ditu, ahalaz ororentzat onesgarri izan daitezkeen formak proposatuz, eta bide bateratzaile horretan urraska aitzinatuz. Nola Erranek, bada, Euskaltzaindiak emanikako bideak eta arauak oinarri gisa hartzen ditu, eta Iparraldeko gizarte eta hizkuntza testuinguruaren arabera egokitzen, erabiltzaileak hiztegi kontuetan nola joka deliberatzean gida bat izan dezan.

Iparraldeko zein testu tradiziotan oinarri har?

Hiztegi hau, euskarak dituen kolore desberdinak kontuan harturik ere, erabiltzaile mota jakin batentzat egina da ororen gainetik: euskara Iparraldeko ingurumenean bereziki erabili nahi edo behar duenarentzat.

Jakina den bezala, Iraultza denborako zenbait dokumentu elebidunez kanpo, mugaz alde honetako bizitza publikotik kanpo egona da euskara orain arte, testu idatzietan bederen. Beraz, ez da sortu erabilera publikoak testugintzan sorraraz zezakeen eredu estandarrik, eta ondorioz, beste gisaz sortu eta zabaldu dira Iparraldean izan diren bi tradizio nagusiak: baxenabartar lapurterazkoa (Lafittek lapurtera klasikoaren ondotik garatu XX. mendeko literatura euskalkiaren izendatzeko erabili zuen deituraren berriz hartuz), eta zubererazkoa. Azken urte hauetan, halere, gauzak funski aldatu dira. Alabaina, mende herena pasa badu orain Hegoaldean euskara hizkuntza ofizial egin zutela, eta denbora horretan, hango bizitza publikoan gero eta gehiago erabilia izan da. Lehenago batere agertzerik ez zuen leku garrantzizko batzuetan, hala nola eskoletan, unibertsitatean edo irrati-telebistetan, erabilera mintzaira gisa sartu da, gero eta leku handiagoa egiten zitzaiolarik. Horri esker, euskarak, erreferentziazko euskara landuak bereziki, pitzaldi bat gaitza izan du hango lurraldeetan. Literatura sorkuntza eta ekoizpena loratu dira, nazioarteko idazlan klasiko anitz euskaratzen ziren denboran. Iparraldean, ordea, euskararen legezko egoera ez da aldatu, eta ez da holako pizkorraldirik gertatu, nahiz, herrian euskara itsuski ahulduz joanik ere, beti bizirik atxikia izan den euskara idatzi zaindu baten tradizioa. Erran gabe doa, Hegoaldean gertatu aitzinamenduek izan dutela ondorio mugaz honaindiko euskaran ere: gizartean eta komunikabideetan gertatu diren mudantzek lagundurik, gero eta eragin nabariagoa izan du mugaz beste parteko euskarak hemengo euskaldunen artean ere, bereziki euskara eskolan ikasi eta landu ahal izan dutenen, edo lanbidean erabiltzen dutenen artean. Uste izatekoa da joera hori azkartuz joanen dela ondoko urteetan.

Nola Erran hiztegia egoera konplexu hau kontuan harturik egina izan da. Iparraldeko bi tradizioetarik zabalduena eta euskara batuari hurbilago dena, hartu du oinarri, baxenabartar lapurtera, beraz. Bestalde, Hegoaldetik jinik mugaz alde honetan zabaldu diren eleak kontuan hartu ditu, bai eta ere teknologiak edo mende berriak ekarri hitz berriak. Lehentasunetan hautu hori eginik, zubererari dagokion gutieneko informazioa ematen du halere.

  • Zubererazko tradiziokoak bakarrik edo gehienik diren hitzen artean zein utz eta zein har erabakitzeko orduan, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua hartu da irizpide gisa. Holatan, Hiztegi Batuan agertzen diren zubererazko hitzak eskaintzen ditu Nola Erranek, ZU baten bidez seinalatuz (ikus Baliokideei dagozkien informazio dialektalak). Halere, erabiltzaileak gogoan eduki beza Nola Erranek holako hitzak ez dituela ematen berez zubereran duten forman, Hiztegi Batuan duten itxuran baizik. Adibidez, 'argent' sarreran Nola Erranek ekartzen du Hiztegi Batuak, Zub. marka emanez, bildua duen diharu hitza, forma bera atxikiz, eta zubereraz egiazki duen ortografian (diharü) eman gabe. Kontuan har, bestela jokatuz gero, zubererak baxenabarrerarekin partekatzen dituen hitz guzietan berdin egitea eskatuko zuela koherentziak (ur/hur; hur/hür, gauza/gaiza edo gaüza,…). Gisa horretan, baliokide berak sistematikoki bi formatan agerrarazteak biziki kargatuko eta zailduko zuen Nola Erran hiztegiaren moldaketa eta erabilera.

Frantses sarreren iturria

Frantses-euskara hiztegi baten egiteko, lehenbizikorik frantses sarrerak aukeratu behar dira. Lan hori frantses lexikografiaren berri ongi dakienak baizik ez du behar bezala egiten ahal, areago, sarrerak gizarte ingurumen eta kultura maila jakin baten arabera hautatuak izan daitezen nahi bada.

Euskal hiztegigintzaren historia bestelakoa izan balitz, aitzinetik finkatu oinarri batean bermaturik moldatzen ahalko zen, parte handienean bederen, frantses sarreren zerrenda, eta, halaber, haien barneko egitura ere. Zorigaitzez ez gaude horretan. Frantses-euskara hiztegien tradizioa aspaldikoa izanagatik (XVII. mendean hasten baita), oinarri-oinarrizko hiztegitik aitzinago joanez gero, orain arteko hiztegiek ez dute erraten zein diren Nola Erran bezalako hiztegi batean sarrera gisa agertu behar duten frantsesezko hitzak eta erran-moldeak. Abiatzeko, beraz, baitezpadakoa zen beste gisaz biltzea frantses sarrerei zegokien partea, eta hala egina izan da. Le Robert argitaletxeari galdegin zaio, frantses lexikografian berean, eta baita frantses-ingeles hiztegi elebidunetan ere (Collins etxearekin partaidetzan), esperientzia handia baitu.

Zergatik galdegin zaizkion frantses-ingeles hiztegietako frantses sarrerak, eta ez, adibidez, frantses-gaztelera hiztegietakoak? Alde batetik, hizkuntza pare hori delako frantses lexikografia elebidunari dagozkionen artean gehienik landua izan, eta beste aldetik, hitz kopuruetan eta hiztegiaren egituran franko alde handia duten bi hizkuntza baitira frantsesa eta ingelesa, azken honek hitz gehiago erabiltzen baitu. Gisa horretan frantses sarreren barnean aurki daitezkeen adiera edo erabilera desberdin nagusiak zein diren jakiteko, erraztasunak ematen ditu holako hiztegi batek. Ez da dudarik beste arazo batzuk ere sortzen direla orduan, baina ororen buru, hautu horrek makur baino on gehiago ekarri duela erran daiteke.

Robert & Collins CompactPlus hiztegiko frantses sarrerak Nola Erran hiztegira ekartzerakoan, haien barne-egitura ere ekarri da. Halere, azken hauetan, hein batean bederen, egokitzapenak egin dira, aldaketa handiena, dudarik batere gabe, adibide berrien sartzea izan delarik (ikus Erran moldeak eta adibideak). Bestalde, hiztegia bururatu ondoan ere, pixkanaka emendatuko da sarreren kopurua, Robert & Collins CompactPlus hiztegian falta ziren batzuk sartzen ahalko baitira.

Nola Erran sareko hiztegi elektronikoa da

Hiztegi elektronikoak ez dira hain aspaldikoak, eta gaur egun oraino, parte handi batean, zabalbide berrietarako egokitu paperezko hiztegietan oinarrituak dira. Nahiz haste-hastetik frantses-euskara hiztegi hau sarean elektronikoki zabaltzeko moldatua izan den, paperezko hiztegien egitura eta ezaugarri nagusiak ditu, ez baita harritzeko haren abiapuntua paperezko frantses-ingeles hiztegi bat denaz gero.

Beraz, baliokideetan beretan, Nola Erranen erabiltzaileek ez dute deus berririk aurkituko, erran nahi baitu deus paperezko hiztegi batean ere, beste itxura batekin baina berdin, ager ez zitekeenik. Badira, halere, zenbait puntu, Nola Erran hiztegi elektronikoa izateari datxezkionak, eta azpimarratu behar direnak:

  • Hiztegia linean emana izan ondoan, ez da zerratua, sarrera berriak gehi baitaitezke. Bestalde, hastetik zituen sarreretan ere aldaketak egiten ahalko dira, hobekuntzen edo emendioen egiteko.
  • Nola Erran hiztegian diren euskarazko baliokideak, erranaldiak eta adibideak corpus gisa erabiltzeko eta hartan bilaketen egiteko aukera eskainia da (ikus Hastapena).
  • Frantses sarreren fonologiazko transkripzioak (sarreran berean, zuzenean) agerraraz ditzake irakurleak ezarpen hori hautatzen badu (ikus hiztegiko Hautuzko ezarpenak). Manera berean, WordReference.com orrian agertzen diren frantses aditzen jokabide tauletara joan daiteke, aditzen sarreren hastean, ikurrean klikatuz). Ahalmen hori hiztegiaren erabiltzaile pasiboentzat bereziki egina da, hortako da hautuzkoa haren aktibatzea.
  • Ohar berezia duten baliokideak ikurraren bidez seinalatuak dira. Kurtsorea ikurraren gainera lerraraziz, oharra agerrarazten da; ikus, adibidez, 'arriver' sarreran heldu baliokideari eman zaion oharra.
  • Nola Erran hiztegiak erabiltzaileari bidea ematen dio bere eskaeren edo hobekuntza proposamenen egiteko; ikus Erabiltzaileen oharrak.

Euskal baliokideen arteko ordena

Robert & Collins CompactPlus frantses-ingeles hiztegiari behatzeko parada duena laster ohartuko da, kasik beti, sarrera bateko adiera edo azpiadiera baten aitzinean jomuga hizkuntzako baliokide bakarra dela. Nola Erran hiztegiari behatzen badio, ordea, maiz eta maiz baliokide bat baino gehiago aurkituko du. Erabiltzailearentzat nahasgarri gerta daiteke batzuetan egoera hori. Bizkitartean, euskal hiztegigintzaren egoera aipatu gabe ere, nekez bestela gerta daiteke, kontuan hartzen badugu bereziki euskararen eremuan maiz izaten den hitz desberdintasuna, eta halaber usu begien bistakoa den euskal eta frantses hitzen arteko korrespondentzien lausotasuna ere. Halere, aniztasun kasuetan irakurlearen gidatzeko, hitzei ordena adierazgarri bat eman zaie, eta egoki zen kasuetan informazio dialektala ekarri ere. Erabiltzaileak informazio hori erabiltzen ahalko du bere hautuak egiterakoan.

Nola Erraneko baliokideak Iparraldeko testuen corpusean duten maiztasunaren arabera ordenatuak dira, lehenik agertzen direlarik maiztasun handienekoak (denboran aldaketarik izan denetan gaur egungo egoerari lehentasunez emanez). Bakoitzaren ondotik, bestalde, oinarrizko informazio dialektala ere ezarri da beharrezkoa iduri izan duen aldi oroz. Kontuan har bedi, beraz, baliokideen ordena ez dela lotua euskalki markei, baina Nola Erranen corpusaren barneko maiztasunari. Adibidez, 'autre' sarreraren euskal baliokideak honela emanak dira: beste, bertze (BL), zeren beste baita hitz horren maizeneko forma Nola Erranen corpusean. Bertze, aldiz, maiztasun gutiagokoa izanik corpusean, bestearen ondotik emana da eta BL marka ondoan duelarik agertzen da, zeren Hiztegi Batuan Ipar (eta Naf) marka baitu. Hegoaldean bereziki erabiltzen diren hitzak, MD marka dutenak, haatik, beti baliokideen artean azkenik agertzen dira (ikus Baliokideei dagozkien informazio dialektalak).

Baliokideei dagozkien informazio dialektalak

Nola Erranen agertzen diren euskalki markak irakurlearen erabilera egokiaren errazteko emanak dira, ez jakintzazko helburu batzuen betetzeko. Alabaina Nola Erran ez da hiztegi deskriptiboa, eta ez du argitzen zehazki zein euskalkiri datxezkion ematen dituen euskarazko baliokideak. Gauza jakina da, bizkitartean, euskal testuek erakusten dutela hizkuntza aniztasun bat, ezin ukatuzkoa, ahozko euskaretan aurkitzen dena baino murritzagoa dudarik batere gabe, baina kontuan hartu beharrekoa. Iparraldean bereziki, zeren, jakina den bezala, gero eta gutiengo urriagoan baitira euskaldun guzien artean Iparraldekoak, eta egungo euskal testugintzan ez ikuserrazak haien gaurko hizkuntza jokabideak. Haien ingurumen soziolinguistikoa ere arras bestelakoa da, lanjer handian izanik tokiko euskara, eta areago XVI eta XVII. mendeez geroztik beti bizirik iraun duen literatura tradizioa ere.

Nola Erranen ematen den informazioari esker, erabiltzaileak molde erraz eta fidagarri batean jakinen du euskara batuari datxekion eremutik atera gabe, zein diren:

  • euskalki murrizketarik gabe erabil ditzakeen hitzak: euskalki markarik gabe daudenak eta zab. marka dutenak.
  • Iparraldeko testuinguruan bereziki (edo Nafarroa Garaiko ondoko lurraldeetakoan ere, ardura), balia ditzakeenak: BL marka dutenak;
  • Bidasoaz haraindiko euskaldunekin aritzean bereziki baliatzeko direnak: MD marka dutenak;
  • Zuberoako testuinguruan bereziki baliatzeko direnak: ZU marka dutenak.

Argibide horiei esker irakurleak behar dituen eta askiko zaizkion argibideak aurkituko dituela bere euskalki hautu gehienen molde egokian egiteko. Hona zein irizpideren arabera emanak diren marka horiek:

  • Iparraldeko corpusean erabiliak diren eta Hiztegi Batuan markarik gabe agertzen diren hitzak, deus euskalki markarik gabe emanak dira Nola Erranen.
  • Kontuan izan Hiztegi Batuak Iparraldekoak edo Nafarroakoak bereziki diren hitz anitz markarik gabe uzten dituela (erran, adibidez). Holakoetan, Hiztegi Batuari jarraikitzen zaio Nola Erran, eta markarik gabe uzten ditu hitz horiek.

  • Baxenabartar lapurterazko tradiziokoak diren, baina Hiztegi Batuan agertzen ez diren, edo agerturik Ipar marka duten hitzak, BL markarekin agertzen dira Nola Erranen; ikus adibidez beheititu baliokidea 'abaisser' sarreran.
  • Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan Ipar markarekin agertzen diren hitzetan, batzuek badakarte seinale bat (h), Iparraldeko testuingurutik kanpo erabiltzeko hobetsia den beste hitz bat badela erakustera ematen duena. Beste batzuek batere markarik ez dute, edo haien erran-nahia zabalduago den beste hitz baten bidez adierazia da. Nola Erran hiztegia bereziki Iparraldeko hizkuntza ingurumeneko beharrei ihardesteko egina baita, ez dugu bereizkuntzarik egiten Ipar marka duten Hiztegi Batuko hitzen artean, Iparraldeko testuetan gehienik erabiliei lehentasuna emanez beti. Adibidez, erlisione forma biltzen du Hiztegi Batuak Ipar dela seinalatuz, eta erlijio aldaera hobestekoa dela erranez. Informazio hori ematen da religion sarreran, baina erlisione aldaerari lehen tokia emanik, Iparraldeko testuetan anitzez gehiago erabilia izan baita, eta baita egun ere.

  • Euskara batua indartzearekin Iparraldeko testuetan franko berriki, edo ez aspaldi, sartu diren Hegoaldeko hitzak zab. markaren bidez seinalatzen dira; adibidez, iritsi edo jarduera bezalako hitzak.
  • Batzuetan Nola Erran-en corpusean aurkitzen diren forma edo aldaerak Hiztegi Batuak inplizituki edo esplizituki (e. seinalea erabiliz) baztertzen ditu. Holako kasu askotan, sarreren barneko ohar berezi baten bidez, informazio hori ematen zaio erabiltzaileari. Informazio horri esker jakinen du euskara batuari ez dagozkion testuinguruetan delako forma erabil dezakeela, hots, ez dela euskara txarrekoa, euskara batuan onartua izan ez den aldaera edo hitza baizik.
  • Nola Erran hiztegia, Zuberoatik kanpo Iparraldean nagusia den baxenabartar lapurterazko tradizioko testuetan oinarritua da (ikus Iparraldeko zein testu tradiziotan oinarri har?). Halere, zubererazko hitzak Hiztegi Batuan bilduak izan diren neurrian sartu dira. Azken kasu honetan ZU marka dakarte. Ber seinalearekin ematen dira Hiztegi Batuan Batez ere Zub. marka dutenak.
  • Iparraldeko tradiziokoak ez diren baina Hiztegi Batuan markarik gabe emanak diren hitzak MD (mendebaldea) marka erabiliz seinalatuak dira. Hegoaldeko hiztunekin aritzean lehenesteko diren hitz horiek Nola Erranen errazkiago aurkitzeko, beti toki berean emanak dira, baliokide guzien hondarrean; ikus adibidez, iritsi eta ailegatu baliokideak 'arriver' sarreran.
  • BL, MD, zab., ZU markak jarraituki baliatuak dira Nola Erran hiztegian. Beste marka dialektalak (BI , GI, NA) ordea, Hiztegi Batuak hala markatzen dituen Hegoaldeko hitz batzuetan agertzen dira. Guti dira holakoak, eta gehien-gehienak bizkaierazkoak.

Baliokideei dagozkien beste informazioak

Euskalkiei dagozkienez landa beste informazio batzuk ere ematen dira: hitzen erabilerari, erregistroari edo eremuari dagozkionak. Informazio horiek ohikoak dira hiztegietan, eta ez dute azalpen berezirik eskatzen:

  • Hitzen erabilerari dagokionean hitz bat guti erabilia (g.er.), gaur guti erabilia (g.g.er.) edo zaharkitua (zah.) denean, bereziki seinalatzen dugu, hemen parentesien artean diren laburduren bidez.
  • Hitzen erregistroari dagozkionetan, ohi bezalako argibideen bidez seinalatuak dira hala nola etxeko edo lagunen arteko erregistroko hitzak (lag. ar.), arrunkeriak (arrunt.), hitz peioratibo edo gutiesgarriak (guties.) edo haurrekilako hizkuntzan bereziki baliatzen direnak (haur.).
  • Gutiago baliatu ditugu hizkuntza mailari dagozkion bereizkuntzak (goi eta behe), Iparraldeko testu corpusean oro har guti agertzen direlako horrelako hitzak.
  • Gramatikari dagozkion argibideek erabilera bokatiboa duten hitzak (bokat.), predikatibo gisa bakarrik baliatzen diren adjektiboak (pred.), pluralean erabiltzen ohi diren eleak (pl.), edo bukaeran -r soila dutenak (-r arina) seinalatzen dituzte.
  • Eremu semantiko berezietako hitzak (medik., tek., kirol., sukal., etab.) hiztegi guzietan bezalatsu seinalatuak dira; ikus Laburduren zerrenda.

Erran-moldeak eta adibideak

Erran bezala, Nola Erraneko frantses sarreren zerrenda eta haien egitura Robert & Collins CompactPlus hiztegikoak dira. Sarrera horietan sarreran berean edo azpisarreretan kausitzen diren hitzen euskarazko baliokideez gainera, erran-molde batzuk agertzen dira, maiz eta maiz frantsesez zerbait berezi dakartenak. Holakoak dira ardura gure hiztegietan falta direnak, eta erabiltzaileentzat partidak izaten direnak. Har dezagun adibide gisa 'balayer' aditza. Aditz horri sarrera bakarra dagokio eta haren erran-nahia franko argi eta zehatza da frantsesa dakien nornahirentzat. Bizkitartean, aditz horren testuetako erabileretan doi bat sartu ondoan, berehala gauzak korapilatzen dira, aditz horren bigarren mailako erabilerak, maiz metaforikoak, agertzen baitira, frantsesaren erabilera arruntari dagozkionak eta hiztegi batek ahal bezainbat bildu behar dituenak. Horrela frantsesez hiztunek balayer la poussière, edo balayer la chambre erraten ahalko dute, baina balayer des préjugés, edo balayer ses ennemis ere erraten ahalko dute, eta euskaraz erranik nekez orduan jatsa pasatu bezalako lokuzioa erabiltzen ahalko da. Halaber, balayer la route bezalako aditz sintagmaren erran-nahia aldatzen da subjektuaren arabera, norbait, pertsona bat hots, den, edo auto baten argiak diren, adibidez. Erran gabe doa beste hizkuntza batean balayer aditzari dagokion berezko baliokidea ez dela beti erabiliko erran-molde horietan guzietan, eta hiztegi elebidun batek ahal duen neurrian horren berri eman beharra duela. Bada, Nola Erran entseatzen da holakoetan euskarazko ordainen ematera, ez hiztegi paralelismoari hertsiki jarraikiz, baina Iparraldeko hiztun euskaldunei dagokien molde batean. Erran gabe doa holako egokitzapenak eskainiz hiztegigileek ez dutela baitezpada adierazi nahi aipatu adibide edo erran-moldea hitzez hitz horrela adierazi behar dela. Bide bat eskaintzen dute halere, erabiltzaileari laguntza eman diezaiokeena bere hizkuntza hautuak egiterakoan.

Bestalde, sarrera anitzetan, euskarazko testu corpusa baliatuz, eta hango datuak egokituz, adibideak ere sartu dira euskarazko baliokideak euskal perpausetan nola baliatzen diren erakusteko. Kontuan izan, erranaldiez kanpo, adibide gehien-gehienak euskarazko, corpusetik ateraiak eta egokituak izan direla, eta gero frantsesera itzuliak.

Iparraldeko hitz aldaerak eta sinonimoak

Baxenabartar-lapurterazko tradizio idatziak euskalki desberdineko hiztunak biltzen ditu, eta denboran aldatu da tradizio horretan bilduak diren mintzamoldeen indar oreka. Horregatik, tradizio honen barnean ere, hiztegi aniztasuna agertzen da batzuetan, edo hitz berek aldaera desberdinetan ager daitezkeelako (adibidez, guzi eta guzti, bertze eta beste, ortzirale eta ostiral, …), edo hitz desberdinak adiera berari dagozkiolako (adibidez, izan eta ukan, jin eta etorri, ebiakoitz eta larunbat, etab). Gaur egun Iparraldeko euskaldun guziek ezagutzen dituzte holako aldaerak, Hiztegi Batuak gisa batean edo bestean onartzen dituenak. Forma horiek baliokide gisa agertzean denak biltzen dira hemen. Ordea, nola joka adibideetan eta gainerako itzulpenetan agertzen direnean? Holakoetan, hiztegiaren gutieneko hizkuntza koherentzia atxiki beharrez hautu batzuk eginak izan dira. Hona nola:

  • Aldaera hutsetan maiztasun handienarekin agertzen zen forma hobetsi da, eta hura da beti erabilia. Adibidez, guzi eta beste formak dira erran-moldeen itzulpenetan eta adibideetan aurkitzen.
  • Sinonimoetan, ordea, bitasuna onartua izan da. Adibidez, jin eta etorri bi aditzak agertzen dira, eta baita izan eta ukan aditzak posesioaren adierazteko.

Hikakoa

Frantsesez bezala, euskaraz ere, euskalki gehienetan bederen, bi moldetan mintza dakioke solaskideari: eztabadaka, erran nahi baitu zu erranez, edo, hurbiltasunezko molde bat erabiliz, eta orduan bereziki hi erranez. Hi errateko ohitura, ordea, ahulduz joan da zenbait tokitan, eta Iparraldean ere, haren erabilera galtzen hasia da, bereziki neskei dagozkien nokako formak. Halere, duda izpirik ez da, eta testuen lekukotasunak ere hala erakustera ematen du, bizia dela oraino ere, Iparraldeko tradizioan haste-hasteko testuetarik erabilia izan den hikako mintzamoldea. Nola Erraneko adibideetan eta itzulpenetan aurkituko dira, beraz, forma hauek.

Holakoetan, ordea, nola joka hikako formen bikoiztasunarekin? Aldi bakoitzean, bi formak eskainiz? Maiztasun handiagokoa den, eta markatugabea den tokako formak erabiliz bakarrik (solaskideak nahitaez neska edo emaztea izan behar duen kasuez bestalde, naski)? Hiztegiaren itxura ez pisutzeko, bikoizketaren bidea baztertua izan da, eta, adibideetan solaskidearen sexua argia ez zen kasuetan, aldizka baliatu dira noka eta toka, hiztegian oreka orokorra atxikiz beraz, nokako eta tokako formen artean.

Nola Erran hiztegia euskarazko testu corpus gisa erabiltzeko

Nola Erran hiztegia bururatu ondoan, erabiltzaile zenbaitek galdegin dute ez ote zitekeen jar bilatzaile berezi bat hiztegiko euskarazko testuetan (baliokideetan, erranaldietan eta adibideetan) bilaketen egiteko. Eskaera horri ihardetsirik, holako tresna jarria izan da; ikus Hastapeneko orria.